Nor gara?
Antolatzaileak
Nafarroako Udaletako Euskara Teknikarien Sarea (NUETS), Elkar fundazioa eta Karrikiri elkartea gara, eta Nafarroan euskal kulturak bizi duen egoera aztertzeko beharrak bultzatuta, Hari izpia hartzen jardunaldia antolatu dugu.

Helburuak
Hainbat kezkek ekarri gaituzte jardunaldi hau antolatzera:
Arduratuak gaude euskal kulturaren kontsumoarekin. Izan ere, euskaldun gehienek ez dute euskarazko kultura kontsumitzen. Gero eta gehiago dira euskaldunak, baina errazago moldatzen dira erdaraz, eta horrek eragin zuzen du bere kultur kontsumoan. Eta erraztasunarekin batera, ohituraren gaia ere badago.
Euskal kulturaren transmisioan etena gertatu dela nabaria da. Gero eta haur gehiagok euskara ikasten dute eskolaren bidez, baina horrek ez du ekarri euskaldun izan daitezen. Euskarazko kultura ez bada transmititzen, euskalduntzea ez da erabatekoa izango. Euskara biziko da baldin eta kultur komunitatea eta hiztun komunitatea trinkotzen badira, ez jendeak euskara jakite hutsagatik.
Eskaintzari dagokionez, euskal kultur sorkuntza eta produkzioa aberatsak dira gaur egun, baina, maizegi, ez dira iristen herritarrengana. Euskaraz egiten den kultura badenik ere ez daki jende askok, eta dakienak ere askotan bigarren mailakotzat ikusten du. Programatzen dena koordinatzea eta gizarteratzea ezinbestekoa da jende gehiagorengana iritsi ahal izateko.
Hezkuntza arautuan baliabideak falta dira, eta literaturaz besteko kultur sorkuntza guztiak hedatzeko premia dago. Hizkuntzaren irakaskuntzarako material asko dago, baina ez euskal kultura zehar-lerro gisa landuko duena.
Iraultza kultural baten erdian gaude, mundu osoan gertatzen ari dena. Orain arte sozializaziorako bide nagusiak familia, eskola, lagunartea eta komunikabideak izan badira, egungoak Google, Amazon, Facebook, Twitter Instagram eta abar dira. Eta aldaketaren abiada ikaragarria da.
Ez dago, erakundeen eta kultur eragileen arteko lan bateraturik, ez eta epe luzerako politikarik adosturik. Euskal kultura ez da agenda politikoan garrantzia duen gai bat. Areago, kultur eragileak dirulaguntzen oso menpekoak dira.
Kezka hauetatik abiatuta, jardunaldiaren xedea da eragile guztien artean —teknikariak, sortzaileak, politikariak…— gogoeta bateratu bat egitea nondik jo jakiteko. Denen artean osatuko dugun diagnostikotik aurrera begirako lan ildoak zehaztu nahi ditugu, etorkizuneko lankidetza artikulatzeko, euskarazko kultur ekoizpenak ikusgarri egiteko, transmisioa bermatzeko, kontsumo–joeren norabidea aldatzeko, kulturak duen funtzio linguistikoa aldarrikatzeko eta, funtsean, elkarren osagarri izenen diren hizkuntz politika eta kultur politika eraginkorrak abiatzeko.